2018(e)ko otsailaren 17(a), larunbata

GETARIAN GOZATZEN ETA IKASTEN (2018ko otsailaren 5ean)

KETA: GETARIAKO ARRANTZALE PRESTU ETA LOTSATIA
Zarauzko hondartzatik garbi ikusten den lur mutur edo irla dugu San Anton, Getariako Arratoia. Bada istorio mitologiko bat mendixka honen jatorriari buruzkoa eta haurrei zein helduei paisaia paregabe honetan belarriak gozatzeko konta diezaiekeguna.

Kondaira honek dioenez, behin batean arrantzale gazte, langile, lerden eta bihotz oneko bat bizi zen Getarian, Keta izenekoa. Herriko emakume gehienen ametsa zen Keta. Baina, bi emakume Itegi eta Alsakarte izenekoak, mutil harekin maiteminduta zeuden eta nork bereganatuko lehian zebiltzan. Bi neska haiek maite zutela eta, mutikoa oso pozik zegoen, baina aldi berean lotsatuta, eta horregatik ez zien kasu handirik egiten bataren eta bestearen losintxei. Jaramonik eza zela eta, bi emakumeak hasieran aztoratuta ibili ziren, baina gero haserreak hartu zituen, biek uste baitzuten mutilak kasurik ez egitearen errua bestearena zela. Horrela ibili ziren denboraldi batean. 
Baina, behin batean, Ketak Golindo mendi hegalaren lautada batean, paseatzen zihoala, bi emakumeak borrokan topatu zituen, kolpeka eta tiraka, amorruaren amorruz. Zapuztuta, trukean maitasunik jasotzen ez duten maitaleak zitaltzen diren moduan ari ziren biak.



Hain zen sentibera Keta on puska hura, minduta eta zentzumena nahastuta, ezin izan zuen jasan liskar hark eragiten zion errudun sentimendua eta zeruari harri bihurtzeko eskatu zion. Bere eskaria bete eta berehala itsas barrenetik egundoko hareharrizko uhartea azaldu zen, makurtutako arratoi baten gorputzaren itxurakoa, Getariako badia ixten zuena: horra hor San Anton mendiaren jatorria. 
Keta harri bihurturiko mendixkaren alboan sortu zen herriak bere izena jaso zuen Ketarri, Getaria.

Baina zer gertatu zen bi emakumeekin? Euren irrika eta lo galtzeen eragilea gizaki izateari utzi eta behin betiko Getariako paisaiaren zati bihurtu zela konturatu zirenean, Itegi eta Alsakarte emakume xalo haiek, lotsaren lotsez, oihuka eta negarka hasi eta eurei ere gauza bera gertatzea nahi zutela eskatu zuten: jainko ahaltsuek entzun eta gaur egun biak han daude harrizko beso bihurtuta, Altxokoarri eta Iteko lurmuturrak baitira. Elkarrengandik hurbil, baina bananduta, eta begirada beti-betiko Ketarengan dutela.



Argia” tik hartuta (2004ko martxoaren 21a)




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina