2019(e)ko martxoaren 21(a), osteguna

"GU JOSTAILUGILE" PROIEKTUA

Gaur proiektu honi bukaera polita eman diogu. Sei egunetan Natura, Gizarte, Euskara, Matematika... alde batera utzi egin ditugu eta lan berri honetan murgilduta ibili gara. Baina... Zer da "Gu jostailugile" proiektua? galdetuko duzue. Orain poliki-poliki kontatzen saiatuko gara. Aurretik, gure irakasleak proiektua asmatzen aritu dira bolada batean. Proiektuan arlo desberdinak lotzen saiatu dira. Dena prest izan dutenean, gure txanda iritsi da. Proiektua burutzeko 7 jarduera burutu behar izan ditugu. 
Irakasleek etxetik aste bukaeran sortutako zabor guztia poltsa bakar batean biltzeko eta gelara ekartzeko eskatu ziguten. Txupao!!

Astelehenean hasi ginen proiektua burutzen. Girotzeko "Jostailugilea" izenburuko ipuina irakurri genuen denon artean. Hona hemen lehenengo orrialdeak. 




Jarraian, etxetik ekarritako zabor poltsa hartu genuen eta lehenengo jarduera burutzeko prestatu ginen.


Zabor poltsak pisatu egin genituen. Genuen balantzak ez zuen oso ondo neurtzen, beraz, litro bateko botila urez bete eta konparaketaren bidez gure zabor poltsaren pisua iritzira kalkulatu genuen. Andereñoak oso ondo egin genuela esan zigun. Lortutako datuak bildu eta guztion artean ekarritako zaborraren pisua kalkulatu egin genuen. Hori izan zen lehenengo jarduera. Ondoren auto-ebaluazio orria bete genuen banaka. 

Bigarren jarduera egiteko prest ginen. Ekarritako poltsak ireki eta barruan zegoena ondo sailkatzeko eta zenbatzeko ordua zen. Gela zabortegia zirudien!! Eta oilategia!! A zer nolako zarata sortu genuen!! Pixka bat nahastu ginela ere aitortu behar dugu, hainbat gauza ontzietara bota bait genuen zenbatu baino lehen. 










 Hondakin mota bakoitzeko kopuruak jaso egin genituen orri batean eta, berriro, denon artean zenbat bildu genuen kalkulatu genuen. 


Jostailua egiteko erabiltzeko moduko materialak gorde eta besteak birziklatzera bota genituen. Auto-ebaluazio orria berriz ere.

Hirugarren jardueran egin genitzakeen jostailuen zerrenda osatu behar genuen. Ideien bila informatika gelara joan eta Google jaunari laguntza eskatu genion. Hura jostailu pila!! Ipuineko jostailugileak eginikoak seguru asko. Hain ziren politak eta perfektuak!!





Ideiak bildu ondoren, gelara itzuli ginen eta talde bakoitzak bi jostailu egin behar zituenez, bikoteka edo hirukoteka bildu ginen. Egin behar genuen jostailua eta horretarako beharko genuen materiala zerrendatu egin genuen. Beste taldekideek zer egin behar zuten ere jakin behar izan genuen, jostailuak ez errepikatzearren. Informazio guztia txukun asko bildu genuen orri batean. 
Jarraian, jostailua egiteko zer pausoak jarraituko genituen idatziz azaltzen saiatu ginen. 
Hau dena egin ondoren, iritsi zen hoberena: jostailua egiten hasteko momentua!! Gogoz hasi ginen lanean. 








Margotu hemendik, kolatu hortik, moztu handik...
Gure jostailuak bukatuta genituen!! Bikainak!!
Aurretik egindako instrukzio testua birpasatu egin genuen ea eman beharreko pausoren bat falta ote zitzaigun edo egindakoa hobeto azaltzeko aukera genuen.















Baina jostailuak zertarako? Horixe!! Jolasteko!! Seigarren jardueran eskutitz bat idatzi behar izan genuen. Gure helburua guk egindako jostailuez haur txikiekin joslastea zen. Baina haren irakasleari gure asmoaren berri eman behar genion. Talde txikietan eskutitzaren zirriborroa egin ondoren, denen ideiekin irakasleari bidaliko geniona sortu genuen. Eta helarazi ere, noski! Proposatutako data eta orduarekin ados zegoenez, hurrengo jarduerari ekin genion: haurretzat gonbidapena idazteari. Eskutitzarekin egindako bide berdina jarraitu genuen. Prest izan genuenean gelara eraman genien. 

Eta azken jarduera egiteko eguna iritsi da: gaurkoa!! Txikiekin jolasten aritu gara. Hasieran gurekin aritzea pixka bat kostatu egin zaie, ez gintuzten ezagutzen eta!! Baina pixkanaka animatzen joan dira eta arratsalde polita pasa egin dugu elkarrekin.













Bukatu dugunean, jostailuak oparitu egin dizkiegu. Orduan oso pozik jarri dira!! Gu ere bai, musu eta besarkada pila eman baitigute!!
GU ERE JOSTAILUGILEAK IZAN GARA!!! ETA EZ MAKALAK!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina