2019(e)ko maiatzaren 19(a), igandea

JAGOBA EZAMAK BERE LANAREN BERRI EMAN ZIGUN

Jagoba Ezama "Aramendia" gozotegien gerentea da. Bere lana nolakoa den ezagutzeko, gure gelara etortzen gonbidatu genuen. Ostiralean etorri zen eta bere lanbidearen xehetasunak eman zizkigun. 
Baina hasteko, egiten dituzten gozoetako bat ekarri eta banatu zigun. 



Jaten genuen bitartean, bere azalpenak entzun genituen.
Guk, hasieran, "gerentea" zer den oso ondo ez genekien, baina berak oso modu errazean azaldu zigun. 


Bere eguneroko lanetan zer egiten duen kontatu zigun. Oso nekagarria izan behar duela iruditu zitzaigun, gauza askotaz arduratzen baita.




Martutenen duten obradorean gozogileek gozoak egiten dituzte. Gipuzkoan zehar 17 gozotegi dituzte eta Martutenen egindakoa denda guztietara iristeko banaketa antolatu egiten du: nork, nora, noiz eta zer eraman behar duen.


Enpresako talde desberdinak ere koordinatu egiten ditu eta horretarako bilerak egin behar izaten ditu. Aurreko egunean 3 ORDUKO bilera izan zuen!! Egunean zehar bilera asko izaten duela esan zigun. Hauek oso beharrezkoak dira denek modu berdinean lan egiteko eta sortzen diren arazoak konpondu ahal izateko. 


Bere lan eguna oso goiz hasten da, goizeko 7etan bulegora joaten da eta arratsaldean oso berandu itzultzen da etxera. Baina, askotan, etxean dagoenean, lan kontuak direla eta, telefono deiak jasotzen ditu. Astebukaeran ez da bulegora joaten, baina laneko kontuetaz pendiente egoten da badaezpada ere. Uffff!!!!


Bere enpresako arazo bat ere kontatu zigun. Gaur egun gozogileak topatzea kosta egiten zaie. Hauek oso goiz hasten dira lanean, goizeko 3retatik 7ak arte. Lanera joateko oso goiz jaiki behar dute eta gaurko gazte jendeak ez du honelako lanarik nahi. 


Jagobak taldean lan egitea oso garrantzitsua dela ere oso garbi esan zigun. Bere lanean aritzeko ikasketa desberdinak egin daitezke, baina pertsona bezala dohai batzuk izan behar dira ere. Horietako bat jende desberdinekin aritzen jakitea eta adostasunak lortzea. 


Oso gustura egon ginen berarekin eta bere azalpenak arreta handiz entzun genituen.





ESKERRIK ASKO, JAGOBA!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina