2019(e)ko maiatzaren 10(a), ostirala

URNIETAKO AIZKORAGILEA



Lanbideen gaia jorratzen ari garela aprobetxatuz, aizkorak  nola egiten diren ikustera joan gara. Joxe Ramon Jauregiren lantegira hain zuzen ere. Iritsi garenean, gure zain zegoen dakiena guri azaltzeko. Oso modu errazean eta pausoz pauso aizkora bat nola egiten duen azaldu digu.



Lehenengo, suaren laguntzaz burnia nola biguntzen duen erakutsi digu. Sua ikatzarekin egiten du eta ikatza Naturan non aurkitzen den eta nola egin daitekeen ere azaldu digu. Burni zati bat hartu du eta sutan jarri du. Denboratxo bat pasa ondoren, burnia atera egin du eta... gorri-gorria zegoen!!


Ondoren burniari forma nola ematen dion azaldu digu. Hasieran mailu txiki batez aritu da eta, gure begien aurrean, gorritutako burniari forma borobila eman dio. Magia zirudien!! Baina beste mailu askoz handiagoa duela esan digu eta martxan jarri du. Ikusgarria!!





Mailu erraldoi honen laguntzaz aizkoraren beheko aldea zapaldu egiten du. Behar duena lortu egiten duenean burnia hoztu behar du eta horretarako uretan sartzen du.



Hurrengo pausoa egindako aizkora zorroztea da. Horretarako ere makina bat erabiltzen du. Honek txinpartak bota egiten ditu. Orduan, lan istripuak sahiesteko zer egin behar den azaldu digu: begiak betaurrekoekin babestu, soinu handia egiten duenez, belarriak ere babestu egin behar dira, eskuetan eskularru lodiak jantzi eta gorputzean zauriak ez jasotzeko larruzko mantala lodi eta gogorra jantzi. 
Orduan makina piztu egin du eta zapaldutako burniari punta zorrotza atera egin dio. Ezpata batena zirudien!!




Aizkora egina dago. Baina erabili ahal izateko kirtena behar du. Berak kirtenak ez ditu egiten baina egindako aizkorei jarri egiten die. Lehenengo pausoa eskuz egiten du, baina oso ondo sartuta geratzeko makina bat erabiltzen du. Hura ere nola funtzionatzen duen erakutsi digu. 






Pauso hau azkena da. Horrela aizkora bukatuta dago. 
Berak egiten duen aizkora mota ez da beste inon ere egiten. Aizkora berezia da, ilargiaren ahoaren forma du beheko aldean.






Hasieratik bukaeraino emandako azalpen guztiak arreta handiz entzun ditugu. Gustura itzuli gara ikastolara, gauza politak, berriak eta oso interesgarriak ikusi egin ditugulako. 

ESKERRIK ASKO JOXE RAMON!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina